2021(e)ko ekainaren 3(a), osteguna

Jeff Rientsen 20 galderak [ILGORA]

Carisma18 blogeko sarrera ikusi ondoren, ideia oso ona iruditu zait Jeff Rientsen 20 galderen zerrenda erantzutea Ilgorari buruz gehiago jakin dezazuen. Oraingoz, Loth bailaran oinarrituko naiz, martxan dauden Ilgorako kanpaina guztiak bezala.

1. Zer gertatzen da erlijioarekin?

Jainkoek berezko kontzientzia dute eta euren fededunen sinesmenetik biltzen dute boterea. Jainko asko daude, batzuk denborarekin ahaztuak edo berriagoengatik bereganatuak izan dira. Azken mendeetan aspaldiko errege-azti baten inguruan eliza berri bat sortu da eta bortizki ekin du beste jainko guztien aurka.

2. Non erosi daiteke ekipoa?

Loth bailaran hiriak lur basatiez inguratutako zibilizazio-irlak dira. Produktu eta tresna xumeak edozein herri gotortuetan aurkitu daitezke baina luxuzko ondasunak edo objektu exotikoagoak kostan kokatzen den Hiru Perlak hirian bakarrik topatuko dituzu. Bere portuetatik igarotzen da itsas merkataritza guztia.

3. Non erosi dezaket armadura pertsonalizatu bat nire munstro etxekotuarentzat?

ILGORA ez da fantasia epikoa eta bailarako pertsonaiek nekez izango dute munstro etxekotu bat. 

4. Zein da lurralde honetako azti boteretsuena?

Ez dago azti karismatiko edo ezagun bat, azken finean bailara magia irakasten den unibertsitate eta bestelako lekuetatik nahiko isolatuta baitago. Zoritxarrez, apostata eta sorgin ugari daude lurralde hauetan ezkutaturik eta zurrumurruek diote Eldril-Hotek lich elfoa oraindik “bizirik” dagoela. Azkeneko hau egia bada, bailara osoko azti boteretsuena izango litzake.

5. Zein da lurralde honetako gerlari ahaltsuena?

Eskualde anker honetan gerlari andana aurkitu daitezke. Uakarien deabru-gerlariak edo mertzenario konpainietako beteranoak hautagai egokiak izango lirateke. Hala ere, jakina da Frederik Tall, bailarako hondar borroketako txapelduna, gerlarri ahaltsuena dela.

6. Zein da lurralde honetako pertsona aberatsena?

Hiru Perlak hiria, merkatal nodo garrantzitsuena izateagatik, bailaran biltzen diren aberastasun gehienak biltzen ditu. Bere portuetatik dozenaka barku igarotzen dira eta hemendik, Yetzin ibaia igoz, hiriko merkatariek bailarako puntu guztietara iristen dira. Ziurrenik bertako merkatariren bat izango da bailarako pertsona aberatsena.

7. Non aurkitu dezakegu osaketa magikoa?

Osaketa magikoa oso urria da baina aztiek edo Maarako lekameek honelako botereen jabe dira. 

8. Nora jo behar dugu pozoi edota gaitza magikoen kontrako sendabidea lortzeko?

Ziurrenik zure patua bertan hiltzea izango da. Hala ere, dirutza bat gordetzeko aukera izan baduzu, Maarako tenpluek donazio handi baten truke zure arima hutsala salbatzeko gai izango dira.

9. Nora jo dezaket nire ikasketa magikoak hasteko edota konjuru berriak ikasteko?

Eskola arkanoak urruti daude eta bailaran ez dago honelako egitura antzekorik. Zure aukera ziurrena bailaran bizi den azti bat ezagutu eta bere ikasle bilakatzea izango da. Esaten da elfo garaien hiri ezkutuan ikasketa arkanoen egoitza bat mantentzen dela, baina ezkutua da, gogoratzen?

10. Non aurkitu ditzaket PeJ jakitun edo trebeak?

Loth bailaran pertsona ausarta, zorrotz eta trebeenak bakarrik irauten dute eta beraz, artisau, jakitun eta esploratzaile onenak zure pertsonaietatik gertu ibiliko dira. 

11. Non kontratatu ditzaket mertzenarioak?

Bailaran guerra etengabekoa da. Azalberdeen mehatxua eta jauntxo eta hiri-estatuen arteko liskarrak mertzenario eskari oparoa sortarazi du. Arrapala Lehoiak edo Desertuko Garezurren ordezkariak edozein hiritan aurkitu daitezke. Gainera, mertzenario edo abenturazale talde txiki pilo bat daude txanpon batzuen truke lan egiteko prest. 

12. Ba al dago  armak edo magia debekatuta dagoen lekurik?

Mugako lurralde hauetan armak eramatea baimenduta egon ohi da. Hiru Perletako auzo altuetan edo beste hiri handietan gaizki ikusita egon daiteke baina orokorrean ez dute inor atxilotuko armaren bat soinean izateagatik. Magia beste kontu bat da. Eskola Arkanoen faltak magiarekiko kontrol eza ekarri du eta honek agintarien iritzian eragin handia izan du. Aholkulari edo jakintsu bezala lan egiten duten aztiak kenduta, beste konjuratzaile gehienak nigromante edo demonologistatzat dituzte. Magiaren erabilera izua sortzen du eta nahiz eta debekatuta ez egon, funtsean oso zaila da arriskurik gabe jardutea.

13. Non dago hurrengo ostatua?

Herri gehinetan ostatu bat aurkituko duzu. Bertako nekazari eta herritarrak izango dituzte bezero bezala eta noizean behin bidaiari edo abenturazaleren bat ere agertuko da eztarria freskatzeko. Bailarako bideetan zehar ordea ostatu kopurua nahiko eskasa da. Hemengo erresumak oso txikiak dira eta harresietatik soilik kilometro batzuetara bermatu dezakete herritarren babesa. Honela, bide eta errepideak inorren lurrak kontsideratzen dira eta bertan eraikitako ostatuak gotorleku itxura hartzen dute. Leku zibilizatuagoetan egun bateko distantziara ostaturen bat aurkitzeko aukera egongo da baina Mendi Beltzetan edo Muino Ezkatadunetan oso urriak dira. 

14. Ze munstro zital akatu dezaket ospea eta izena lortzeko?

Zorionez asko dira bailaran hil beharreko munstroak. Basiliskoak, azalberdeak edo kimerak, zure esku daude. Basoetako gizapiztien gotorlekuak edota hirietako kale ilunetan ezkutatzen diren mutante eta engrendoak beste aukera on batzuk dira. Hau guztia gutxi balitz, abenturazale batzuk diote izaki misteriotsu batzuk agertu direla mendietako leku isolatuenetan. Lanbro gorrixka batekin batera agertzen dira eta arrazoitzeko gaitasuna dutela aipatzen dute. Txorakeriak ziurrenik.

15. Parte hartu dezaketen gudarik dago?

Ahaztu zaitez milaka gizonez osatutako armadetaz. Bailarako gudak txikiak, azkarrak eta odoltsuak dira. Jauntxoek euren zaldun eta mertzenarioak erabili izan dituzte pagadi edo putzu bat erreklamatzeko eta hilabetero daukagu talka armatu baten berri.  Soldaduek ez dute lan faltarik izango.

16 Eta gladiadoreen arteko borrokak?

Bailaran zirkuito oso bat aurkitu daiteke, gladiadoreen hondar xume eta izugarriekin. Gladiadore gehienak esklabuak dira baina badira gerlari batzuk ospea eta izenarengatik borrokatzen dutenak. Transbordadoreko Hondar-Bikiak gladiadore borroken leku ikonikoena da.

17. Agenda eta helburu sekretuak dituen talde edo sekta ezkuturik existitzen da?

Bai, asko. Kontuan izan bailara fakzio eta jende askorentzat botere hutsune handia duen lurralde bat dela, basatia eta birjina, gupidagabe eta ausarteei itxaroten ari dena. Talde asko daude isilpean mugitzen, euren interesengatik lehiatuz. Noble eta jauntxoez gain, Merkataritza Konpainia, gremioak, Eragabetasunaren kultuak eta Ilargiaren jarraitzaileak daude.

18. Zer dago jateko?

Lothen klima gure munduko klima mediterraneoaren antzekoa da eta horrenbestez olibak, ardoa eta garia dira janari edo produktu zabalduenak. Hala ere, inmigrazio handia jasaten ari denez, kultura bakoitzak bere ohitura eta jakiak ekarri ditu.

19. Altxor galdurik aurkitu dezakegu?

Inperio eta erresuma asko eraiki eta suntsitu dira bailarako lurretan, eta bakoitzak bere hondakinak eta ahaztutako altxorrak utzi ditu sakabanatuta. Ezagunenak, muldien arbasoen arreoak eta Golnarath dragoiaren aberastasunak dira.

20. Non dago lurraldeko munstrorik beldurgarriena?

Dormenioek diote Muino Ezkatadunak  berez, Golnarath dragoiaren bizkarrezurra osatzen dutela eta batzutan sumatzen diren lurrikara txikiak piztiaren arnasketak direla...


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina