2019(e)ko irailaren 29(a), igandea

Loth Bailarako Kanpaina (XLI) Kontzientzia ala Infernua

Igarobidea, Loth Bailara (2550eko Neguko 22.eguna)

Giun, nano gerlaria
Emma Malatesta, arrantzalea
Dwalin, lurrazpiko esploratzaile nanoa
Sabino Dante, ordainsari bilatzailea


Bueltako bidaia, tamalgarria izango da. Kontratatutako langile erdiak muino horretan lurperatuak daude, eta beste erdiak ez du indarrik ibiltzeko ere. Bertan bizia galdu dutenak beraien lehengusu, anai eta aitak dira eta ez dago dirurik hutsune hori beteko duenik. Gure lagunak ez dute hitz goxorik aurkituko beraientzat eta Klausen lasaitasunak urduritu egingo ditu. Goizeko lehenengo izpiekin bananduko da mertzenarioa eta han, bere adiskideen kanpalekura doan egurrezko zubitxoan bibote zakar eta aurpegi iluneko armadun gizon batekin topo egingo dute.

Sabino Danteri ez zion denbora eman hirukotearekin batera abiatzeko eta taldearen itxura ikusita, zortedun sentitzen da. Aguilerako ate izoztuak irekitzean, langileak goizeko lanbroan desagertuko dira, harresia konpontzen ari ziren leku berbera bueltatuz, agurrik esan gabe. Sabinok denbora tarte bat itxoitea erabaki du bere asmoak azaldu arte. Gosari bero bat eta ostatuko pipetan erre ondoren bere burua argitzen saiatuko da. Sabino Tileatik etorritako ordainsari bilatzaile pragmatikoa zen. Legerik gabeko lurralde basati honek berantzat egindako lekua zirudien Remaseko portutik ateratzean. Lan ugari gizon trebe batentzat. Konpainia Askeko beste kide askorekin batera bere ametsak kartzeleko gela ilun batean usteldu ziren eta atertazean, ikusitako guztiak zerbait aldatuarazi egin zuen bere buruan. Gaizkile eta lapurrak baino gauza arriskutsuagoak zeuden bailaran eta Felixen hitzak eta ekintzek ordainsari ilun honen patua aldatuko du.

Suzko Apaizaren obsesioak zingiran ezartzen zuen jopuntua. Hor,  ezkutaturik, ustelduraren sustraiak daudelakoan, bere ahalegin guztiak egiten ari da bertako arriskuak azalarazteko. Sabinok gauza arraroak ikusi ditu Igarobidean eta Felixek abenturazale talde bat behar zuela entzutean, tileanoaren hurrengo ekintzak erabakita gelditu ziren. Konpainia Askeak esperientzia anitz izan ditu zingirako munstroen kontra, baita hango eraginez usteldu diren azti eta bestelakoekin. Andreas medikua eta bere oste gogaikagarriek talde erdiarekin amaitu zuten heriotza topatu arte eta denok dakite zer etsai mota diren zingiran ezkutatzen direnak. Honela, Sabino eta Felixen nahiak jarraituz, gosaria amaitzean bere hiru taldekideekin hitz egingo du.

Kontzientzia ala Infernua


Naturaren Leku Ahaztuak


Elizaren barruan, kontsumitzeko ezer ez duen suak bakarrik argitzen ditu bertako iluntasuna eta itzalen artean, apaizak azalduko die zingiran, antzinako eliza hondoratu bat aurkitzen dela. Leku sakratua, beharrezko boterearekin bertan gordetzen diren arimak babestu ahal izateko. Aspaldi, Felix Konpainia Askeko kide izan zen, eta garai haietan, altxor ugarien artean Taal jainkoaren boterezko harri bat aurkitu zuen. Orain, abenturen bizitza bazterturik, bere taldekide ohiak behar ditu Elizaren babes boterea aktibatzeko.

Susmo txarrarekin baina gorrotoak ematen duen ausardiarengatik, laukoteak botere harria hartu eta zingiran barneratuko dira. Lehenengo ikusketan, Igarobideko Zingira leku hotza eta hilda dirudi, baina behin barruan zaudela, bihotz ustel baten taupaden antzera, natura bihurritu honen presentzia nabaria egiten joaten da. Lehertzean, kirats toxikoa askatzen duten burbuilak, odola usaintzean erotzen diren landare ilunek edota esku baten tamaina duten euli potoloek laister jartzen dute erne bertan sartzen diren gonbidatuei. Bidai honetarako, Juan Ignacio de Aguilera estaliarra eta bere esploratzaileak kontratatu dituzte elizara doan bidea topa dezaten.  Beraiekin, lan korapilatsu honen oztopo larrienak ekidituko dituzte eta ordu pare baten elizaren arrastoen ondoan egongo dira.

Eliza Hondoratua


Elizaren zati handiena urazpian aurkitzen da eta bertan, naturisten liburuetan azaltzen ez den itsas munstroa eta orobas bezala ezagutzen diren izaki nazkagarri batzuk lana zailtzen saiatuko dira. Juan Ignacio eta bere esploratzaileen geziek lana erraztuko dute eta soilik orobas zauritu batek lortuko du ihes egitea. Esploratzaileak bere atzetik joango dira eta konpainiak boterezko harria elizan ipintzerako, zingira guztian zehar adarren soinu beldurgarria hedatuko da.

Orobas

Juan Ignaciok ez du leku utzi nahi bere lagunak bueltatu arte eta hurrengo minutuak agonía bat izango dira. Azkenean, lanbroan artean esploratzaile bakarra azalduko da, erabat aldatua, pustula eta deformazioez betea. Bere atzetik, zaldun bat ikusiko dute. Ume moko bat da, zaldi-aberrazio baten gainean. Keinu batekin alde egiteko eskatuko die, eta gure lagunak bizkarra eman aurretik irribarre maltzur bat ikusi dute bere ezpainetan.

2019(e)ko irailaren 26(a), osteguna

ESTALIA (ILGORA)



Gure Warhammarreko kanpaina (lehenengo pausuak orain dela 10 urte baino gehiago eman genituen) jira eta bira asko eman ditu azkenik, jokua bereganatu dugun arte. Bere historia aldatu dugu, pertsonai berriak sortu eta beste ezagun batzuk desagertarazi. Orain, ILGORA kanpainan murgilduta gabiltza, Mugetako Erresumetan galdurik eta pixkanaka, denbora aurrera egin du Warhammerreko munduan.  2550.urtean gaude, Karl Franz enperadorea orain dela hiru hamarkada eraili zuten eta mundua ez da bukatu

Hainbeste istorio eta abenturen ondorioz, hasieran aipatzen dudan bezala, Warhammerreko mundua gurea egin dugu eta horrenbestez, trasfondoa ere aldatzen joan da, ofizialtasunetik urrunduz. Hurrengo asteetan, mundua nola aldatu den azaltzen saiatuko naiz. Lehenengo atala: Estaliako lurraldeak.


Estalia



Estaliarrek diote gizakion lehen erresuma beraiek sortua izan zela. Gutxi gorabehera beraien bizilagun eta betiko etsai izan diren tilearrek esan ohi duten berdina.  Biek, eliza eta antzeko kultura bat elkarbanatu dute, Myrmida jainkosa gudazale eta zuhurraren hitzak jarraituz eta odol beroak sortzen duen itsutasunean bidea galduz. Hala ere, Estalian, familia, leinua eta tradizioak diruzaletasun edo pragmatismoari gailendu dira beri, Tilean ez bezala. Herriaren ezaugarri honek estaliarren batasunantzako oztopoa izan da.

Erresuma txikietan banatuta egon da beraien lurraldea, skaven eta arabiarren inbasio eta konkistak pairatuz, soilik atzerritarren laguntzaz garaituak. Tileako hiri-estatuen itzalpean, ekialdeko kosta guztia aspaldi galdu zuten.

Historia Garaikidea

Baina herri honen patua aldatzear zegoen. Mundu Zaharreko hegoaldean, beste jainko askoren artean, Legearen Jainkoak edo Trinitatea gurtzen dira. Jainko hauek, justizia, ordena edo diziplina goraipatzen dute. Hala ere, beraien izaera eta dogmen berezitasunek fedea zokoratu dute historian zehar. Oinarrian, epaile eta sorgin-ehiztariek osatu dute kultua.

Estalian, Lege-Jainkoek, kapera txikietan bakarrik aurkitu zitezkeen, gutxienez, Tarsos erresuma txikian, oinordekoaren ezusteko heriotzak bere lehengusua tronuan ipini arte. Tarsoseko Gabriel, Lege-Jainkoen fededun sutsua zen.

Trinitatearen ideiek estaliarren pentsatzeko moduarekin bat egiten zuten eta erregearen justicia gurak eta tradizioaren bermea fedea zabaltzea lagundu zuen. Baina Gabriel ez zen Tarsoseko erresumarekin asetu nahi izan eta Estaliaren erresuma gehienak bateratu zituen. Ekintza eta guda hauetan, herri xumearen babesa erabatekoa izan zen. Gabriel I edo Justua, Estaliako lehen errege izendatua izan zen.
Ordurarte, Estaliako erresumek, Mundu Berria esploratzeko izandako abantaila geografikoari, honelako espedizioak behar zituzten baliabideak gehitu zioten. Erresuma bateratu batekin estaliar galerak munduko itsasoak nabigatzen eta lur berriak bereganatzen hasi zen. Era berean, erresuman bertan, Trinitatearen Eliza sortu eta indartua izan zen, Kaosa mundutik deusestatzeko helburuarekin eta legea munduaren ertz guztietara hel dezan.

Gaur egun, Bermudo Iak agintzen du Magrittatik eta erresuma urrezko garai bat ezagutzen ari da, Lustriako urrea eta ezagutzei esker bere eragina eta boterea zabalduz.

Estaliako Herriak

Magrittako tronu-ganbarako mapan, Estalia Ispiluen Portutik Brionera zabaltzen den erresuma bateratu dirudien arren, bere mugetan, herri ezberdinak aurkitu daitezke, basailu leialak batzuk, etsai amorrauak besteak.

Diamanterrako Bretoiak



Aspaldi, Albion izeneko irla misteriotsutik bretoien leinu berdineko tribu gutxi batzuk barkuak hartu eta Estaliako mendebalderan bizitzera etorri ziren. Mende askoz berezko errege, kultura, eta hizkuntza izan zuten. Orain, Trinitateko Elizen ahaleginak beraien erritual eta erlijioa zokoratu dute, beraien sasi-erregea Bermudoren konde bilakatu da, eta nahiz eta hizkuntza mantendu, Estaliari leialak dira.

Mendarteko Erresumak



Gabrielen gurutzada hastean, estaliar printzerri gehienak behin betikoz garaituak izan ziren. Ez ordea Irrana eta Abasko mendikateak etxetzat duten jendea. Mendez, mendietako igarobideak babestu dituzte, azal-berde, skaven eta edozeinen aurka. Erregerik gabe, herri bakoitzak bere buruzagia izan du eta dorrez-jositako herrixka gotortuetan bizi dira. Gabrielen armadek dozenaka aldiz garaitu zituen, baina Estaliara bueltatu bezain pronto berriz altxatzen ziren haien aurka. Hizkuntza ulertezineko herri honek estaliarrek sortutako Mendarteko Marka osatzen dut, paperetan behintzat. Errealitatean, Estaliak, zerga sinboliko bat jasotzearekin asetu da.

Irrana Mendiak



Penintsularen erdian kokaturik, erresuma zatitzen duen mendikate arriskutsu honek buru-hauste handiak sortarazi die Estaliako erregeei. Mendietako leize eta azpimunduan skavenak jaun eta jabe dira eta erresumaren armadek porrotak besterik ez dituzte bildu oraingoz.

Koloniak



Estaliako karabelak hegoaldeko kosta guztiak nabigatu dituzte, esploratzaileak Lustriako ohianak zeharkatzen zituzten bitartean. Hegoaldean, Arabiatik haratago dauden lurretan finkatu dira, marfila eta zibilizazio ezezagunak aurkituz. Hemen, estaliarrek portu txikietan biltzen dira. Lustrian ordea, Alba Julia izeneko kolonia sortu dute. Magritta eta Tarsoseko gorteetan, oihanetako gizamusker beldurgarri batzuen ipuin eta istorioak iristen hasiak dira.

Trinitatearen Eliza

Gabriel I.aren lehenengotariko ekintza izan zen. Alluminas, Arianka eta Solkan jainkoen eliza antolatu eta besteak baztertzea. Justizia, ordena, betieretasuna edo diziplina dute oinarritzat eta beraien fededunak gupidarik gabe defendatuko dituzte. Kaosa eta gaizkileak izan ziren lehenengo biktimak. Horren ondoren, aztiak etorri ziren.

Inperioan ez bezala, lur eguzkitsu hauetan ez dago magia ordenik edo eskolarik, eta azti gehienak beraien kabuz ikasten dute lortutako boterea kontrolatzen. Legearen jainkoetzat, magia, Kaosaren beste forma bat da eta erregearen liktoreak ahal izan dituzten aztia guztiak atxilotu eta garbitu dituzte. Sarraski honek ondorio latzak izan ditu Estalian eta bizirik atera diren azti bakanak ezkutuan daude.

Munduari begira

Estalia erresuma jaioberri bat da eta bere kanpo erlazioak garatu gabeak ditu. Itsas-haratagoko espantsioak Lustriarekin talka egin du baina era berean elfo garaiekin kontaktu emankorrak izan dituzte.

Aipagarria da ere Tileako hiri-estatu batzuekin eta Bretoniarekin batera burutatuko gurutzada Nekkaharako lurreetan. Guda hauetan ospea irabazi du erresumak eta lurralde berriak bereganatu ere.

Estaliako Kronologia Garaikidea

2.465 S.o Gabriel Tarsoseko printzean bilakatzen da.

2.467 S.o Trinitatearen Eliza egituratzen da. Tarsoseko Katedralaren eraikuntza hasten da.


2.469 – 2.477 S.o Gabrielek Braventoko noble asko kultistatzat hartu eta epaitu ondoren printzerria erasotu eta bereganatu egingo du.


2480 S.o Alluminasen hitzak jarraitu eta ulertzeko asmoz Gorren mugimendu filosofikoa garatzen da.


2482 S.o Magrittako epaileek (Trinitate Elizaren jarraitzaileak) bertako Claudio Borgia printzearen ustelkeriak agerian utziko dituzte. Istiluei aurre egin ezinik, Claudiok Gabrieli eskaintzen dio tronua.


2484-tik aurrera, Ispiluen Portutik esploratzaileen galerak irteten hasiko dira. Epe laburrean, ekarritako aberastasun eta altxorrak izugarriak izango dira.


2489 S.o Liktoreen eskuadra sortzen da. Azti eta Kaos jarraitzaileei aurre egiteko bereziki prestatuta dauden elitezko soldaduak.


2490 S.o Tarsoseko katedrala amaitzen da.


2492 – 2496 S.o Aztien sarraskia liktoreen eskutik. Mendekuan, Gabriel erailiko dute eta bere gorpua katedral eraiki berriaren azpian lurperatuko dute. Ordoño I tronuan.


2497 – 2512 S.o Mendarteko Gudak. Amaieran zerga bat ezartzea lortuko da baina eskualdea kontrolpetik kanpo geldituko da.


2515 S.o Diamanterrako errege-bretoiak era baketsuan Estaliarekin bateratuko dira.


2516 – 2520 S.o Tobaroko lurraldeak konkistatzeko asmoz, Ordoñok hiri-estatua setiatuko du. Momentu berean, Irrana Mendietatik skaven eraso batek garaipena zapuztuko du eta Ordoño harresia eskalatzen bizia galduko du.


2521 – 2535 S.o  Bermudo I, Bretonia, Miragliano eta Remasekin batera Nekkharako gurutzada gauzatuko dute. Artaxes gurutzatuen erresuma sortzen dute.


2538 S.o Giza-muskerren eraso batek Alba Juliako zati handi bat suntsituko du.


2542 S.o Hegoaldeko lurretan, elfo garaien laguntzaz, gizapizti oste bati eustea lortuko da.







2019(e)ko irailaren 23(a), astelehena

Berriak




Gaurkoan, roleatzen blogaren aldaketa batzuen inguruan berri emango det. Lehenbizi, ordenagailutik irakurtzen diazuenok portada aldatu dudala ohartuko zinaten. Sortzen diren dokumento eta itzulpenak logo berri hau izango dute firma modura. Hemendik uzten dizuet irudia:



Bestalde, blogak orain bere twitter kontua du (@roleatzen ) eta eguneraketa guztiak kontu honetatik hedatzeko asmoa dut. Orain dela gutxi ohartu naiz euskarazko rol jokuak ematen zuena baino biziago daudela eta hemengo gauzak ezagutarazteko motibatu nau.

Azkenik, jakin dezazuen blog honetan burutik pasatzen zaizuenaz idatzi dezakezutela. Rol partiden laburpenak, joko berrien iritzi eta kritikak, funtsean, zaletasun honekin erlazio duen edozerretaz. Idatzi roleatzen@gmail.com helbidera eta txoko bat egingo dugu zuen gauzatxoak hemendikan uzteko.


Beste bat arte!


2019(e)ko irailaren 13(a), ostirala

Loth Bailarako Kanpaina (XL) Antzinako Gorrotoak

Igarobidea, Loth Bailara (2550eko Neguko 20 eta 21 eguna)

Giun, nano gerlaria
Emma Malatesta, arrantzalea
Dwalin, lurrazpiko esploratzaile nanoa



Aurreko gaua luzea izan zen eta kasinoko ke kiratsa logela malapartatua goitik behera betetzen zuen, atmosfera lodituz. Emma Malatesta arrantzale gazteak egoera honetan aurkitu zuen taldea Transbordadoreko ostatura heltzerakoan. Goiz izoztu horretan, Dwalin eta Giun izan ziren altxatzeko gai izan ziren bakarrak eta han utzi zituzten beste guztiak, ajea bidailagun.

Nanoen aurreko gaua


Yetzineko Transbordadoretik Aguilerara 40 kilometro daude eta dardarka, Hegoaldeko Wargoen gurdi batean egin zituzten arazorik gabe. Txoferra kasinoan beraiekin batera egondakoa zirudien baina buruko min guztien gainetik iraganeko Errebalera arazorik gabe eraman zituen. Han, atzo galdutako dirua berreskuratzeko asmotan, belarria prestatu zuten eta bazkari bero bat irensten zuten bitartean zurrumurru batzuk entzun zituzten.

Aguilerako Kontzejukide batek, ezkontzako eraztun baten bila zebilen. Tipoa, Hfrar Bitxigilea bezala ezagutzen da, hiriko nanoa. Nanoak ere izango dira entzundako beste zurrumurru baten protagonistak. Kasu honetan, Artisau Gremioa antzinako nanoen altxor baten bila dabiltzala. Emmak ez du oso ondo ulertuko zer interes izan dezaketen artisau batzuek altxor galdu batean eta ozenki galdetzean Giun eta Dwalinek isildu egindo dute neskatoa “Zer jakin dezake zu bezalako arrantzale batek nanoen interesei buruz”.

Amildegiko Oparia


Hurrengo egunean, espedizioa prestatzeko asmoz, gosari azkar bat egingo dute Felixen elizako arkupetan eta goizeko hotz izoztuarekin batera Aguilerako taberna nazkagarrienetara hurbilduko dira, “laguntzaile merkeak” aurkituko dituztelakoan. Pare bat ordutan, eta urrezko txanpon batzuen dizdira erakutsi ondoren, taldearen atzetik dozena bat langile jarraituko diete. Langileak, Aguilerako harresien konponketa lanetan murgilduta zeuden (Hortz Hautsiaren tribuaren erasoak eragindako suntsiketa konpontzen) eta ez zuten ez gerlari ezta esploratzaile itxurarik. Mailu eta aizkorez hornituta Konpainiaren dudak azaleratzen hasi ziren bide erdian.

"Espedizioa"


Zortea izango dute, altxorra aurkitzen den mendiaren igoera hasi aurretik, lautada erdian eraikitako mertzenarioen kanpaleku bat atzemango dute. Arrapala-lehoiak dira, benetako gerlari eskarmentatuak, eta eztabaidarik gabe, dirutza bat ordainduko dute Klaus, gerlari aparta, beraien taldera batzeko. Honela, mendiko tontorrera igo eta antzinako dorre zahar baten oinetan kaskezur zahar baten ezkutatzen den giltza eta kutxa batekin topo egingo dute. Baina, ez dira bakarrik etorri, eta gauaren babesean hiltzaile talde anitz batek (edozein festetako asanbladaren onespena edukiko lukeena) eraso egingo die. Tontorraren aldapan, langileek ahal dutena egingo dute beraien bizitza garesti saltzeko baina gorpuak pilatzen hasiko dira. Dorrean, ezkutaturik, elfo eta ertain pare batek gezi zehatzak eten gabe jaurtika taldearen itxaropena agortzen joango dira. Soilik Klaus, bere indar eta sendotasun paregabeekin  eutsiko dio tinko erasoari. Geziei jaramonik egin gabe, ezpatakadak ematen jarraituko du eta pixkanaka, bere ondoan bilduko dira bizirik jarraitzen duten langile eta abenturazaleak.



Azkenean, egunsentiarekin batera, arkulariak ihes egingo dute eta bere adiskideak babesik gabe uztean azkar asko eroriko dira. Trapu odoleztatuen artean, aurretik entzundako hitz handiegiez idatzitako karta bat irakurriko dute. Elfoz idatzia dago eta denek antikuario baten hitz jario hantusteaz oroituko dira.

2019(e)ko irailaren 4(a), asteazkena

Loth Bailarako Kanpaina (XXXIX) Bareunea

Igarobidea, Loth Bailara (2550eko Neguko 18 eta 19 eguna)


Giun, nano gerlaria
Sabino Dante, ordainsari bilatzailea
Dwalin, lurrazpiko esploratzaile nanoa
Tag-Raz, ogro gladiadore soziala
Henna Taedana, belagilea



Azken asteak korapilo geroz eta sakonago batean murgildu da Konpania Askea. Beraien gauzak lapurtu zituztenak bilatzeko asmoz, hiru talde ezberdinek nahi duten giltza nano bat aurkitu dute. Giltza, azkenean, mendietan bere oroitzapenak ahazteko asmoz isolatu den nano hiltzaile bat da. Bere atzetik, bi azti eta infernutik atera diren munstro ezagun batzuk daude.

Gure abenturazaleek ez dakite zer ezkutatu daitekeen nano horrek ireki dezaken antzinako Ilargi Forja madarikatu horretan eta jakin ere ez dute nahi. Azken finean, zer galdu zaie hor barruan? Entzundako kondairek diote, ezagutu duten giltza, beste batera heltzeko balio duela eta bigarren honek, hemen aspaldian bizi izan ziren nanoen sekretuak gordetzen dituela. Oso ondo, pentsatzen dute Sabino, Dwalin, Giun, Tag-Raz eta Haedanak, gaur, neguaren 18.egunean bildu diren Konpainia Askeko kideek. 

Oso ondo, baina ez dute ezer jakin nahi. 

Babestuago dago atea hiltzailearen ezpain itxietan. Orain arte beraien nagusia izan den Edmund Kleitz azti zerutiarrari azaltzen diote egoera, eta jakintsuak, asperenka, onartu egingo du taldearen erabakia, ze erremedio! Kilread Caerdorrekin ere hitz egingo dute Lamiak ostatuko afari batean. Bake hitzarmen bat lortuko da bi taldeen artean, behin-behinekoa hori bai. Zorte apur batekin, ezagututako munstroak pake santun utziko dituzte hemendik aurrera. Korapiloa hor dirau, baina oraingoz, estaltzea lortu dute. Sutea kontrolpean dago. Bada garaia ikusteko zer eman den Igarobidean azken 10 urte hauetan. Zeinek du boterea? Zeinek aldatu ditzake gauzak hemen inguruan?

 Antzinako Dizdira


Galdera hauek buruan, iragarki susmagarrik batzuk ikusiko dituzte Hartzaren Ostatuko paretan. Hiru pertsona ezberdin, erakustaldi berdinarako bizkarzain edo zerbitzarien beharrean. Bostei ideia ona iruditzen zaie hemen inguruko jende garrantzitsua ezagutzeko (Ogroari 5 minutu berandugo irudituko zaio) baina ez dute iragarkien nagusiekin hitz egingo. 

Godri "Hortz-Urdin"
T'Chali

Arnold Metzinger


Jauregi Elfikoa
Erakustaldia Ith-söl-Arathek antolatu du bere Transbordadoreko jauregi zaharrean. Elfoa urteak darama hirian eta batzuk diote, lehenengo errefuxiatuak heltzean bera dagoeneko hor zegoela. Urte hauetan, artefaktu eta erlikiez osatutako kolekzio handi bat lortu du eta noiz behinka honelako erakustaldiak egiten ditu, aberats berri eta jakintsuak engainatzeko asmoz ziurrenik. Erakustaldia, nanoen antzinako objetu magiko batean ingurukoa dela azaldu du, aspaldi suntsitua izan zen harri magiko baten inguruan hain zuzen ere.

Jauregi Elfikoan, Dwalin, Giun eta Tag-Razek zerbitzariek eskaintzen dituzten pintxo eta edari guztiak dastatzen ari direla, Ith-söl-Arath bera ikusiko dute. Bere inguruan, Aguilerako artisautza gremioko Godri “Hortz-Urdin”, Ordenako Arnold Metzinger zalduna eta Transbordadoreko tipo beldurgarri bat daude. Bakoitza bere morroi eta bizkarzainak ekarri ditu festara. Bitartean, Sabino eta Haedana erakustalditik buelta bat emango dute, harri zoragarria ikusi eta snob eta burgesez beteriko erakusketa gelarekin nahastuz.

Antikuarioa, hiru buruzagiak gela batera eramango ditu eta orduan, anabasa emango da. Hiru taldeko morroiek harri lapurtzen saiatuko dira, baino jauregiak bere defensa mekanismoak ditu, eta hormetan zeuden harrizko gargolek erasotzaile guztiekin amaituko dute ziztu bizian. Konpainia Askeak, azken kanapeak hartu eta kanpora irtengo dira, atea lasai askoz itxiz. Eta aspaldiko partez, zuhurrak eta azkarrak direlaren sentsatzioa izango dute.


Auditoretza eta Gerlariaren Mezua


Hurrengo egunean, 20 kilometrora dagoen Shallyako Santutegira hurbilduko dira, aspaldi Konpainiak garbitutako hondakinen egoera ikusteko asmoarekin. Bertan, lekuaren bilakaeraren testigu izango dira. Shallyako lekameek txiroen gordeleku bihurtu dute nanoen antzinako hilobia, eta ehundaka persona ahal duten moduan beraien inguruan bizitzen jarri dira.  Ahuenen Alaben buruzagietako bat ezagutuko dute, Saavra lekame nagusia eta hitz goxoez estalita, lan xelebre bat emango die: Transbordadoreko Hondar Bikien gladiadore bati mezu bat helaraztea. Ze konexio mota egon daiteke gladiadore eta lekame santu batzuen artean?

Transbordadoreko bidean Aguilerara bueltatuko dira berriz ere. Helburua atseden pixkat bat lortzea zen baina iragarki batek arreta deitu zien. Hiriko familiarik aberatsena ikerlari bila zebilen. Duarte familia ez du inongo ordezkari politikorik Aguilerako Kontzejuan, eta ziurrena da horrelakorik behar ez izatea. Gure protagonistek larruri dizdira atera eta Hartzaren Ostatuko urez beteriko kupelan garbituko dira Xanadu jauregira sartu aurretik. Alfonso Duarte, familiako buruarekin elkarrizketatuko dira eta bere arazoa azalduko die. John Sutton bankuko langileak bera eta beste gizon boteretsuei iruzur egin dielaren susmoa du. Barku batean inbertitzea gomendatu ondoren, barkua eta dirua desagertu egin dira eta Suttonek negozioaren arriskuei leporatu dio galera.

Transbordadoreko Portua


Transbordadorean, Alasia gladiadoreari mezua emango diote eta barku kapitain mozkortu batekin hitz ondoren John Suttonen azpijokoak azaleratuko dituzte. Gauean, ospatzeko Transbordadoreko Kasinoan fitxak eta ardoen artean une gozo honetaz disfrutatuko du taldeak.