2021(e)ko ekainaren 3(a), osteguna

Jeff Rientsen 20 galderak [ILGORA]

Carisma18 blogeko sarrera ikusi ondoren, ideia oso ona iruditu zait Jeff Rientsen 20 galderen zerrenda erantzutea Ilgorari buruz gehiago jakin dezazuen. Oraingoz, Loth bailaran oinarrituko naiz, martxan dauden Ilgorako kanpaina guztiak bezala.

1. Zer gertatzen da erlijioarekin?

Jainkoek berezko kontzientzia dute eta euren fededunen sinesmenetik biltzen dute boterea. Jainko asko daude, batzuk denborarekin ahaztuak edo berriagoengatik bereganatuak izan dira. Azken mendeetan aspaldiko errege-azti baten inguruan eliza berri bat sortu da eta bortizki ekin du beste jainko guztien aurka.

2. Non erosi daiteke ekipoa?

Loth bailaran hiriak lur basatiez inguratutako zibilizazio-irlak dira. Produktu eta tresna xumeak edozein herri gotortuetan aurkitu daitezke baina luxuzko ondasunak edo objektu exotikoagoak kostan kokatzen den Hiru Perlak hirian bakarrik topatuko dituzu. Bere portuetatik igarotzen da itsas merkataritza guztia.

3. Non erosi dezaket armadura pertsonalizatu bat nire munstro etxekotuarentzat?

ILGORA ez da fantasia epikoa eta bailarako pertsonaiek nekez izango dute munstro etxekotu bat. 

4. Zein da lurralde honetako azti boteretsuena?

Ez dago azti karismatiko edo ezagun bat, azken finean bailara magia irakasten den unibertsitate eta bestelako lekuetatik nahiko isolatuta baitago. Zoritxarrez, apostata eta sorgin ugari daude lurralde hauetan ezkutaturik eta zurrumurruek diote Eldril-Hotek lich elfoa oraindik “bizirik” dagoela. Azkeneko hau egia bada, bailara osoko azti boteretsuena izango litzake.

5. Zein da lurralde honetako gerlari ahaltsuena?

Eskualde anker honetan gerlari andana aurkitu daitezke. Uakarien deabru-gerlariak edo mertzenario konpainietako beteranoak hautagai egokiak izango lirateke. Hala ere, jakina da Frederik Tall, bailarako hondar borroketako txapelduna, gerlarri ahaltsuena dela.

6. Zein da lurralde honetako pertsona aberatsena?

Hiru Perlak hiria, merkatal nodo garrantzitsuena izateagatik, bailaran biltzen diren aberastasun gehienak biltzen ditu. Bere portuetatik dozenaka barku igarotzen dira eta hemendik, Yetzin ibaia igoz, hiriko merkatariek bailarako puntu guztietara iristen dira. Ziurrenik bertako merkatariren bat izango da bailarako pertsona aberatsena.

7. Non aurkitu dezakegu osaketa magikoa?

Osaketa magikoa oso urria da baina aztiek edo Maarako lekameek honelako botereen jabe dira. 

8. Nora jo behar dugu pozoi edota gaitza magikoen kontrako sendabidea lortzeko?

Ziurrenik zure patua bertan hiltzea izango da. Hala ere, dirutza bat gordetzeko aukera izan baduzu, Maarako tenpluek donazio handi baten truke zure arima hutsala salbatzeko gai izango dira.

9. Nora jo dezaket nire ikasketa magikoak hasteko edota konjuru berriak ikasteko?

Eskola arkanoak urruti daude eta bailaran ez dago honelako egitura antzekorik. Zure aukera ziurrena bailaran bizi den azti bat ezagutu eta bere ikasle bilakatzea izango da. Esaten da elfo garaien hiri ezkutuan ikasketa arkanoen egoitza bat mantentzen dela, baina ezkutua da, gogoratzen?

10. Non aurkitu ditzaket PeJ jakitun edo trebeak?

Loth bailaran pertsona ausarta, zorrotz eta trebeenak bakarrik irauten dute eta beraz, artisau, jakitun eta esploratzaile onenak zure pertsonaietatik gertu ibiliko dira. 

11. Non kontratatu ditzaket mertzenarioak?

Bailaran guerra etengabekoa da. Azalberdeen mehatxua eta jauntxo eta hiri-estatuen arteko liskarrak mertzenario eskari oparoa sortarazi du. Arrapala Lehoiak edo Desertuko Garezurren ordezkariak edozein hiritan aurkitu daitezke. Gainera, mertzenario edo abenturazale talde txiki pilo bat daude txanpon batzuen truke lan egiteko prest. 

12. Ba al dago  armak edo magia debekatuta dagoen lekurik?

Mugako lurralde hauetan armak eramatea baimenduta egon ohi da. Hiru Perletako auzo altuetan edo beste hiri handietan gaizki ikusita egon daiteke baina orokorrean ez dute inor atxilotuko armaren bat soinean izateagatik. Magia beste kontu bat da. Eskola Arkanoen faltak magiarekiko kontrol eza ekarri du eta honek agintarien iritzian eragin handia izan du. Aholkulari edo jakintsu bezala lan egiten duten aztiak kenduta, beste konjuratzaile gehienak nigromante edo demonologistatzat dituzte. Magiaren erabilera izua sortzen du eta nahiz eta debekatuta ez egon, funtsean oso zaila da arriskurik gabe jardutea.

13. Non dago hurrengo ostatua?

Herri gehinetan ostatu bat aurkituko duzu. Bertako nekazari eta herritarrak izango dituzte bezero bezala eta noizean behin bidaiari edo abenturazaleren bat ere agertuko da eztarria freskatzeko. Bailarako bideetan zehar ordea ostatu kopurua nahiko eskasa da. Hemengo erresumak oso txikiak dira eta harresietatik soilik kilometro batzuetara bermatu dezakete herritarren babesa. Honela, bide eta errepideak inorren lurrak kontsideratzen dira eta bertan eraikitako ostatuak gotorleku itxura hartzen dute. Leku zibilizatuagoetan egun bateko distantziara ostaturen bat aurkitzeko aukera egongo da baina Mendi Beltzetan edo Muino Ezkatadunetan oso urriak dira. 

14. Ze munstro zital akatu dezaket ospea eta izena lortzeko?

Zorionez asko dira bailaran hil beharreko munstroak. Basiliskoak, azalberdeak edo kimerak, zure esku daude. Basoetako gizapiztien gotorlekuak edota hirietako kale ilunetan ezkutatzen diren mutante eta engrendoak beste aukera on batzuk dira. Hau guztia gutxi balitz, abenturazale batzuk diote izaki misteriotsu batzuk agertu direla mendietako leku isolatuenetan. Lanbro gorrixka batekin batera agertzen dira eta arrazoitzeko gaitasuna dutela aipatzen dute. Txorakeriak ziurrenik.

15. Parte hartu dezaketen gudarik dago?

Ahaztu zaitez milaka gizonez osatutako armadetaz. Bailarako gudak txikiak, azkarrak eta odoltsuak dira. Jauntxoek euren zaldun eta mertzenarioak erabili izan dituzte pagadi edo putzu bat erreklamatzeko eta hilabetero daukagu talka armatu baten berri.  Soldaduek ez dute lan faltarik izango.

16 Eta gladiadoreen arteko borrokak?

Bailaran zirkuito oso bat aurkitu daiteke, gladiadoreen hondar xume eta izugarriekin. Gladiadore gehienak esklabuak dira baina badira gerlari batzuk ospea eta izenarengatik borrokatzen dutenak. Transbordadoreko Hondar-Bikiak gladiadore borroken leku ikonikoena da.

17. Agenda eta helburu sekretuak dituen talde edo sekta ezkuturik existitzen da?

Bai, asko. Kontuan izan bailara fakzio eta jende askorentzat botere hutsune handia duen lurralde bat dela, basatia eta birjina, gupidagabe eta ausarteei itxaroten ari dena. Talde asko daude isilpean mugitzen, euren interesengatik lehiatuz. Noble eta jauntxoez gain, Merkataritza Konpainia, gremioak, Eragabetasunaren kultuak eta Ilargiaren jarraitzaileak daude.

18. Zer dago jateko?

Lothen klima gure munduko klima mediterraneoaren antzekoa da eta horrenbestez olibak, ardoa eta garia dira janari edo produktu zabalduenak. Hala ere, inmigrazio handia jasaten ari denez, kultura bakoitzak bere ohitura eta jakiak ekarri ditu.

19. Altxor galdurik aurkitu dezakegu?

Inperio eta erresuma asko eraiki eta suntsitu dira bailarako lurretan, eta bakoitzak bere hondakinak eta ahaztutako altxorrak utzi ditu sakabanatuta. Ezagunenak, muldien arbasoen arreoak eta Golnarath dragoiaren aberastasunak dira.

20. Non dago lurraldeko munstrorik beldurgarriena?

Dormenioek diote Muino Ezkatadunak  berez, Golnarath dragoiaren bizkarrezurra osatzen dutela eta batzutan sumatzen diren lurrikara txikiak piztiaren arnasketak direla...


2021(e)ko maiatzaren 28(a), ostirala

Rabia do Mar [Isladak] - Pertsonaiak

 ILGORA/ISLADAK jokoen baliabideekin jarraituz, Unknown Armieserako prestatu nuen Rabia do Mar mini kanpainatxoa moldatzen ari naiz eta besteak beste, pertsonaiak sistema berrira pasa ditut. Hemendik utziko dizkizuet nahiz eta kanpainaren pdf-an ere agertuko diren.


Rabia do Mar - Pertsonaiak 



2021(e)ko apirilaren 25(a), igandea

Bidesaria - Ilgora jokorako abentura

 Rolariok, Ilgora jokoa aurrera dijoa.  Hemen daukazue sarrerako abentura, partida labur eta xume bat arauak eta giropena ezagutzen hasteko.

Bidesaria 3-4 jokalarientzat prestatuta dago eta partidan agertzen diren aldez aurretik sorturiko pertsonaiak edo jokalariek dauzkaten pertsonaiak erabili ahalko dira. Petsonaiak Loth bailarara dijoan karabanaren parte dira, zaindari edo bestelako ardurekin. Laister konturatuko dira lurralde hauetara sartzeko ordaindu beharreko bidesariaz.

Besterik gabe, hemen uzten dizuet esteka:

Bidesaria



2021(e)ko otsailaren 21(a), igandea

Loth Bailara - Control Status

 






Loth Bailarako Kanpaina bide nahiko bihurritua izan du azkeneko urte honetan. Alde batetik, azken 2-3 urtetako taldearen kronikak epemugarik izan ez duen geldialdia jasan du. Martxotik edo ez garela elkartzen eta gainera, errotazioa jasaten duen mahaia izanik, jokalari askok ez dute aspaldian euren pertsonaiekin jolastu. Baina dena ez da txarra izan urte arraro honetan (hauetan). Konfinamenduak eta telelanak distantzia askora (hiru herrialde ezberdinetan) dauden jokalari batzuekin kanpainaren kronika paralelo bat egitea ahalbideratu dit, partida mordoa jolastuz. Beraz, Loth ez da geldirik egon.

Orain, gure warhammer 2.edizioko arau kuttunei agur esan eta Ilgora sistemara migratzea dagokigun honetan, nahitaezkoa iruditu zait kanpainaren laburpen bat egitea.

Abenturazale Taldeak

Konpainia Askea: Hasiera hasieratik Loth bailaran barrena ibili den taldea, 8-10 kide izan dituena momento oro. Gaur egun ez da taldeko sortzailerik gelditzen abenturazale bezala, askok bailarako bidezidorren batean heriotza aurkitu zuten eta beste gutxi batzuk taldea utzi zuten helburu ezberdinak jarraitzeko asmoarekin (Kanpainako PeJ-tan bihurtuz)- Lehenengo urtean Aguileran agintzen zuen Ordenaren esanetara egon ziren baina zaldunen gainbeherarekin batera erori ziren eta  hiriko ziegetan usteltzen hamarkada oso bat igaro zuten. Horren ostean, kontu handiz ibili dira bailarako fakzio eta politika liskarretan.

Arnhoffeko Heroiak: Arnhoff herrian osatutako taldea, orain dela gutxirarte 3 taldekideez osatuta zegoena eta azken egunetan laugarren bat gehitu zaiona. Talde honen ibilbidea bere herriaren inguruan biratu du baina geroz eta kozienteagoak dira herria salbatzeko bailara osoa aintzat hartu beharko dutela.

Esklabuen Iraultza

Haserre eta etsita, Konpainia Askeak ostikada bat eman nahi zien txotxongilo bezala mugitu zien botere eta fakzioen ahoetan. Honela, Shallya (Maara jainkosa hemendik aurrera) Santutegiko monjekin batera igarobidean zehar aurkitzen ziren esklabuak antolatu eta iraultza piztuarazi zuten. Aguilerako gremioekin aliatuta zeuden lurjabeak, Kazorov Anaien aparatu esklabista osoa eta goblin oste bat aurrez aurre izan zituzten. Denak erori ziren. Orain esklabuak euren askatasunaren lehenengo hilabeteak gozatzen ari dira eta denok dakite laister, dagozkien eskubide eta botere zatia eskatuko dutela.

Aguilera, Sugeen habia

Bi taldeak ohartu dira Aguilerako hiri-kontzejua suge pozoitsuez beteriko habi bat dela eta eskua sartzea oso arriskutsua izan daitekeela. Oraingoz, 16 kideek bizirik jarraitzen dute baina traizioak, pozoidurak eta botere dema pil-pilean jarraitzen du. Gremioak, Ordenak eta beste fakzio ugari borroka etengabe batean murgilduta daude eta etorkizuna ez du inolako itxura onik. Gure pertsonaiak lehenengo saiakera baten ostean, kontzejukideen artean hiltzen hastera itxoitea erabaki dute.

Arnhoffeko Defentsa

Arnhoffeko heroien balentria ikusgarriena dudarik gabe. Nekazari-kooperatiba honen harresiak defendatu dituzte goblin armada eta bidelapur zein kriminalen aurrean. Denak garaitu dituzte eta herria oparotasun aro baten lehenengo zantzuak dastatzen ari da. Inguruko bizilagunak hurbiltzen ari dira eta beste hirietako pertsona batzuen arreta erakarri dute. Baina garaipenek beste erronka ezberdinak ekartzen ditu eta eztian ere itotzea posible da.

 Antzinako Mehatxauak

 Kanpaina osoan zehar egon den misterioa. Gelako elefantea. Hasieran, Konpainia Askeak mandatari ilun batzuen aurka borroka behar izan zuen (prezio altu bat ordainduz) eta orain, Arnhoffen ere izurrite honen pistak agertu dira. Zer dira munstro horiek? Nola hedatzen dira? Badirudi nanoen aspaldiko burdinolan sartzeko asmoa dutela baina oraingoz euren ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira.

Kazoroven Sarea

Bailaran izan zituzten lehenengo arerioak, kriminalez osatutako erakunde boteretsua eta esklabutza sare erraldoi baten antolatzaileak. Dudarik gabe, gainbeheran daudenak orain. Konpainia Askeak bultzatutako esklabuen iraultzak kazoroven agenteak birrindu zituen, bidean lurjabe handiekin ere akabatuz. Hankaz gora dagoen erakundea da orain eta badirudi arratoiak hondoratzen ari den barkua uzten ari direla.

2021(e)ko urtarrilaren 30(a), larunbata

ISLADAK - Pertsonaia Orria

 

Rolariok orko, elfo eta ezpatez gain beste gauzetaz ere elikatzen garelako, hemen duzue Isladak jokorako pertsonaia orria. Ilgora bezala, Myhtras sistema du oinarritzat eta fantasia urbanoko partidetarako pentsatuta dago. 

Gure kasuan, Kult edo Vampiro la Mascarada bezalako jokoetarako erabiliko dugu.

Besterik gabe, Isladak - Pertsonaia Orria




2021(e)ko urtarrilaren 24(a), igandea

ILGORA - Aldez aurretik sortutako PJ

ILGORA jokoaren lehenengo proba partidekin hasi gara, ODOL AIERUAK bezala ezagutuko den abenturarekin hain zuzen eta jokalariei zama gehiegi ez jartzearren aldez aurretik sortutako pertsonaia batzuk sortu ditut.

Konturatu naiz pertsonaia sorrera oso pertsonalizatua baina nahiko astuna dela, MYTHRASen antzera. Buelta batzuk eman behar zaio prozesu guztiari.

Odol Aieruak - Pertsonaia Jokalariak




2021(e)ko urtarrilaren 18(a), astelehena

MYTHRAS - Arau Laburtuak

Eguneraketa honetan, mythras jokorako beste baliabide batekin nator. Thorkrim-en dokumentuaren itzulpena hain zuzen ere (jatorrizko dokumentua).

Guk, ILGORA jokorako erabiliko dugu, mythras sisteman oinarrituta baitago. Besterik gabe, esteka hemendikan uzten dizuet eta blogeko eskubiko zutabean dagokion atalean ere aurkitu ahalko duzue.

Ondo izan!


Mythras - Arau Laburtuak