Denbora dexente pasa da azkenekoz Ilgorari buruz idatzi nuenetik eta hurrengo eguneraketa zuen erregu guztiei erantzuna da. Jokoaren lehengo alpha bertsioa hemendik gutxira prest egongo da eta "lore"aren mokadu txiki bat bezala, Ilgorako deabruetaz hitz egingo dugu gaur.
Ikusiko duzuen bezala, Ilgorako deabruak Warhammerrekoen antza handia dute, baina ez dira erabat berdinak izango.
Deabruak
Aendorren ikusi diren deabruak numenekin antzekotasun ugari dituzte. Numenak bezala, deabruek jainko jakin baten irudi ahul bat dira, kopia txar bat balira bezala. Deabruak Anabaseko Jainkoen morroi eta ordezkari dira eta haiek bezala, eragabetasunez osatuta daude. Zorionez, gure planoko biztanleentzat, deabruak, bere maisuak bezala, eragin oso apala dute gure munduan eta baldintza oso bereziak behar dituzte fisikoki gauzatzeko; Horregatik, agindutako eginkizunak betetzeko (boterea biltzeko, agintari eta jakitunak usteltzeko edo beraien maisuen etorrera prestatzeko) bizidunen itxura hartu behar izaten dute.
Deabruen artean hierarkia konplexu eta zabal bat aurkitzen da, beraien botere eta ezagutzaren arabera piramide estu honen maila ezberdinak beteko dituzte eta jainkoaren onespena lortzeko bata bestearen arteko liskarrak oso ohikoak izango dira.
Nola gauzatzen dira deabruak?
Deabruen benetako forma gure mundua inguratzen duen eragabetasun itsasoan aurkitu dezakegu. Sustantziarik gabeko gorputzak dira baina era berean konzientzia erabat garatua dute. Izpiritu forma honetan Deitu (deabruak) konjuruaren bitartez gure mundura heldu daitezke, gorputz edo objektu bat ontzi bezala erabiliz edo deabruak itxura arruntago bat hartzen badu. Hala ere, bere maisuaren eragina indartsua denean fisikoki gauzatu dezakete, izpiritu forma baztertuz. Azkenik, atari magikoak edo Eragabetasun Ateak ditugu. Aspaldiko ehuleek eragabetasuna zeharkatzen duten atariak sortzeko ezagutza lortu zuten. Baina ate hauek bi aldetara erabili daitezke eta deabru askok kontrako bidea egin dute.
Tratuak eta Itunak
Deitutako deabrua aztiari zor dio, literalki, bere plano materialeko existentzia. Biak botere eta elkarrekikotasun harremanak dituzte, eta batak eta besteak behar bezala negoziatu beharko dute akordioetara iristeko. Sorgin batek deabru baten benetako izena erabili beharko du harekin itun bat egiteko. Deabrua agertzen denean, bere prezioa ezarriko du. Izan ere, sorginak bere baitan onartu du prezio hori ordaintzea bere benetako izena erabiliz. Sorginak ez badu nahi edo prezioa ordaindu ezin badu, orduan entitateak zorraren oreka zuzenean bereganatzeko eskubidea baieztatuko du.
Hitzarmenaren negoziazioa eztabaida arauen bitartez ebatziko da. Normalean aztiak Eragina erabili beharko du negoziazioa aurrera eramateko, baina, deabruaren izaeraren arabera Limurtze edo Jakituriaren bat ere erabil daiteke alternatiba gisa. Arrakasta izanez gero, sorgina eta deabrua kontratu hautsiezin batean sartzen dira, alegia, sorginak entitatea deitzen duenean, itunaren prezioa ordainduko duela eta honek zerbitzu bat emango diola. Hitzarmena sinatzeko sorginak esperientzia jaurtiketa bat eman behar du deabruaren intentsitate maila bakoitzeko. Itunaren prezioa ordaindu behar da, deabrua deitzen den bakoitzean, edo bestela izakiaren haserreari aurre egin beharko zaio.
Negoziaketak huts egiten badu, izakiak bere jarreraren arabera jokatzen du: adeitsu alde egiten dezake, edo baliteke sorginari amorruz erasotzea. Emaitza bikaina denean entitateak bere prezioa merketuko du. Porrota batek izakiaren etsaitasun amaigabea dakar, eta une horretatik aurrera deabruak mendeku amaigabe bat prestatzen jardungo da.
Beste bat arte!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina