2019(e)ko irailaren 26(a), osteguna

ESTALIA (ILGORA)



Gure Warhammarreko kanpaina (lehenengo pausuak orain dela 10 urte baino gehiago eman genituen) jira eta bira asko eman ditu azkenik, jokua bereganatu dugun arte. Bere historia aldatu dugu, pertsonai berriak sortu eta beste ezagun batzuk desagertarazi. Orain, ILGORA kanpainan murgilduta gabiltza, Mugetako Erresumetan galdurik eta pixkanaka, denbora aurrera egin du Warhammerreko munduan.  2550.urtean gaude, Karl Franz enperadorea orain dela hiru hamarkada eraili zuten eta mundua ez da bukatu

Hainbeste istorio eta abenturen ondorioz, hasieran aipatzen dudan bezala, Warhammerreko mundua gurea egin dugu eta horrenbestez, trasfondoa ere aldatzen joan da, ofizialtasunetik urrunduz. Hurrengo asteetan, mundua nola aldatu den azaltzen saiatuko naiz. Lehenengo atala: Estaliako lurraldeak.


Estalia



Estaliarrek diote gizakion lehen erresuma beraiek sortua izan zela. Gutxi gorabehera beraien bizilagun eta betiko etsai izan diren tilearrek esan ohi duten berdina.  Biek, eliza eta antzeko kultura bat elkarbanatu dute, Myrmida jainkosa gudazale eta zuhurraren hitzak jarraituz eta odol beroak sortzen duen itsutasunean bidea galduz. Hala ere, Estalian, familia, leinua eta tradizioak diruzaletasun edo pragmatismoari gailendu dira beri, Tilean ez bezala. Herriaren ezaugarri honek estaliarren batasunantzako oztopoa izan da.

Erresuma txikietan banatuta egon da beraien lurraldea, skaven eta arabiarren inbasio eta konkistak pairatuz, soilik atzerritarren laguntzaz garaituak. Tileako hiri-estatuen itzalpean, ekialdeko kosta guztia aspaldi galdu zuten.

Historia Garaikidea

Baina herri honen patua aldatzear zegoen. Mundu Zaharreko hegoaldean, beste jainko askoren artean, Legearen Jainkoak edo Trinitatea gurtzen dira. Jainko hauek, justizia, ordena edo diziplina goraipatzen dute. Hala ere, beraien izaera eta dogmen berezitasunek fedea zokoratu dute historian zehar. Oinarrian, epaile eta sorgin-ehiztariek osatu dute kultua.

Estalian, Lege-Jainkoek, kapera txikietan bakarrik aurkitu zitezkeen, gutxienez, Tarsos erresuma txikian, oinordekoaren ezusteko heriotzak bere lehengusua tronuan ipini arte. Tarsoseko Gabriel, Lege-Jainkoen fededun sutsua zen.

Trinitatearen ideiek estaliarren pentsatzeko moduarekin bat egiten zuten eta erregearen justicia gurak eta tradizioaren bermea fedea zabaltzea lagundu zuen. Baina Gabriel ez zen Tarsoseko erresumarekin asetu nahi izan eta Estaliaren erresuma gehienak bateratu zituen. Ekintza eta guda hauetan, herri xumearen babesa erabatekoa izan zen. Gabriel I edo Justua, Estaliako lehen errege izendatua izan zen.
Ordurarte, Estaliako erresumek, Mundu Berria esploratzeko izandako abantaila geografikoari, honelako espedizioak behar zituzten baliabideak gehitu zioten. Erresuma bateratu batekin estaliar galerak munduko itsasoak nabigatzen eta lur berriak bereganatzen hasi zen. Era berean, erresuman bertan, Trinitatearen Eliza sortu eta indartua izan zen, Kaosa mundutik deusestatzeko helburuarekin eta legea munduaren ertz guztietara hel dezan.

Gaur egun, Bermudo Iak agintzen du Magrittatik eta erresuma urrezko garai bat ezagutzen ari da, Lustriako urrea eta ezagutzei esker bere eragina eta boterea zabalduz.

Estaliako Herriak

Magrittako tronu-ganbarako mapan, Estalia Ispiluen Portutik Brionera zabaltzen den erresuma bateratu dirudien arren, bere mugetan, herri ezberdinak aurkitu daitezke, basailu leialak batzuk, etsai amorrauak besteak.

Diamanterrako Bretoiak



Aspaldi, Albion izeneko irla misteriotsutik bretoien leinu berdineko tribu gutxi batzuk barkuak hartu eta Estaliako mendebalderan bizitzera etorri ziren. Mende askoz berezko errege, kultura, eta hizkuntza izan zuten. Orain, Trinitateko Elizen ahaleginak beraien erritual eta erlijioa zokoratu dute, beraien sasi-erregea Bermudoren konde bilakatu da, eta nahiz eta hizkuntza mantendu, Estaliari leialak dira.

Mendarteko Erresumak



Gabrielen gurutzada hastean, estaliar printzerri gehienak behin betikoz garaituak izan ziren. Ez ordea Irrana eta Abasko mendikateak etxetzat duten jendea. Mendez, mendietako igarobideak babestu dituzte, azal-berde, skaven eta edozeinen aurka. Erregerik gabe, herri bakoitzak bere buruzagia izan du eta dorrez-jositako herrixka gotortuetan bizi dira. Gabrielen armadek dozenaka aldiz garaitu zituen, baina Estaliara bueltatu bezain pronto berriz altxatzen ziren haien aurka. Hizkuntza ulertezineko herri honek estaliarrek sortutako Mendarteko Marka osatzen dut, paperetan behintzat. Errealitatean, Estaliak, zerga sinboliko bat jasotzearekin asetu da.

Irrana Mendiak



Penintsularen erdian kokaturik, erresuma zatitzen duen mendikate arriskutsu honek buru-hauste handiak sortarazi die Estaliako erregeei. Mendietako leize eta azpimunduan skavenak jaun eta jabe dira eta erresumaren armadek porrotak besterik ez dituzte bildu oraingoz.

Koloniak



Estaliako karabelak hegoaldeko kosta guztiak nabigatu dituzte, esploratzaileak Lustriako ohianak zeharkatzen zituzten bitartean. Hegoaldean, Arabiatik haratago dauden lurretan finkatu dira, marfila eta zibilizazio ezezagunak aurkituz. Hemen, estaliarrek portu txikietan biltzen dira. Lustrian ordea, Alba Julia izeneko kolonia sortu dute. Magritta eta Tarsoseko gorteetan, oihanetako gizamusker beldurgarri batzuen ipuin eta istorioak iristen hasiak dira.

Trinitatearen Eliza

Gabriel I.aren lehenengotariko ekintza izan zen. Alluminas, Arianka eta Solkan jainkoen eliza antolatu eta besteak baztertzea. Justizia, ordena, betieretasuna edo diziplina dute oinarritzat eta beraien fededunak gupidarik gabe defendatuko dituzte. Kaosa eta gaizkileak izan ziren lehenengo biktimak. Horren ondoren, aztiak etorri ziren.

Inperioan ez bezala, lur eguzkitsu hauetan ez dago magia ordenik edo eskolarik, eta azti gehienak beraien kabuz ikasten dute lortutako boterea kontrolatzen. Legearen jainkoetzat, magia, Kaosaren beste forma bat da eta erregearen liktoreak ahal izan dituzten aztia guztiak atxilotu eta garbitu dituzte. Sarraski honek ondorio latzak izan ditu Estalian eta bizirik atera diren azti bakanak ezkutuan daude.

Munduari begira

Estalia erresuma jaioberri bat da eta bere kanpo erlazioak garatu gabeak ditu. Itsas-haratagoko espantsioak Lustriarekin talka egin du baina era berean elfo garaiekin kontaktu emankorrak izan dituzte.

Aipagarria da ere Tileako hiri-estatu batzuekin eta Bretoniarekin batera burutatuko gurutzada Nekkaharako lurreetan. Guda hauetan ospea irabazi du erresumak eta lurralde berriak bereganatu ere.

Estaliako Kronologia Garaikidea

2.465 S.o Gabriel Tarsoseko printzean bilakatzen da.

2.467 S.o Trinitatearen Eliza egituratzen da. Tarsoseko Katedralaren eraikuntza hasten da.


2.469 – 2.477 S.o Gabrielek Braventoko noble asko kultistatzat hartu eta epaitu ondoren printzerria erasotu eta bereganatu egingo du.


2480 S.o Alluminasen hitzak jarraitu eta ulertzeko asmoz Gorren mugimendu filosofikoa garatzen da.


2482 S.o Magrittako epaileek (Trinitate Elizaren jarraitzaileak) bertako Claudio Borgia printzearen ustelkeriak agerian utziko dituzte. Istiluei aurre egin ezinik, Claudiok Gabrieli eskaintzen dio tronua.


2484-tik aurrera, Ispiluen Portutik esploratzaileen galerak irteten hasiko dira. Epe laburrean, ekarritako aberastasun eta altxorrak izugarriak izango dira.


2489 S.o Liktoreen eskuadra sortzen da. Azti eta Kaos jarraitzaileei aurre egiteko bereziki prestatuta dauden elitezko soldaduak.


2490 S.o Tarsoseko katedrala amaitzen da.


2492 – 2496 S.o Aztien sarraskia liktoreen eskutik. Mendekuan, Gabriel erailiko dute eta bere gorpua katedral eraiki berriaren azpian lurperatuko dute. Ordoño I tronuan.


2497 – 2512 S.o Mendarteko Gudak. Amaieran zerga bat ezartzea lortuko da baina eskualdea kontrolpetik kanpo geldituko da.


2515 S.o Diamanterrako errege-bretoiak era baketsuan Estaliarekin bateratuko dira.


2516 – 2520 S.o Tobaroko lurraldeak konkistatzeko asmoz, Ordoñok hiri-estatua setiatuko du. Momentu berean, Irrana Mendietatik skaven eraso batek garaipena zapuztuko du eta Ordoño harresia eskalatzen bizia galduko du.


2521 – 2535 S.o  Bermudo I, Bretonia, Miragliano eta Remasekin batera Nekkharako gurutzada gauzatuko dute. Artaxes gurutzatuen erresuma sortzen dute.


2538 S.o Giza-muskerren eraso batek Alba Juliako zati handi bat suntsituko du.


2542 S.o Hegoaldeko lurretan, elfo garaien laguntzaz, gizapizti oste bati eustea lortuko da.







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina