2020(e)ko martxoaren 30(a), astelehena

Loth Bailarako Kanpaina (LI) - Gaztaroko Okerrak


Igarobidea, Loth Bailara ( Neguko 20-24 egunak )

Kurt Raus, Sigmarreko lekaidea
Gustava Lumabeltz, azti ikaslea


Lotharandareko bailaran, Konpainia Askea ez da heroi guztien bilkura, ezta abenturazalez osatutako talde bakarra. Aguilerako harresietatik urrun, esklabista eta askatzaileen liskarren zaratei gor, bikote batek lehenengo urratsek izan ohi duten baldartasunarekin bere patua jarraitzen hasi da.

Bi hauen istorioa Arnhoff izeneko herri bateko ke zutabeak ikustean hasiko da. Lehenengoa, iraganeko hanka sartzetatik ihesi dabiltza, bestearen kasuan, jakin-minak bultzatuta iritsi da hona. Bailararen arriskuez ohartuta, bidea batera egitea adostu zuten. Orain, asteetan ikusi duten lehenengo herriaren ateak parez pare dituzte.

Nekazal Komuna

Herri batek babesa, berotasuna eta lasaitasuna ekar dezake bidaiari nekatuei bai Kurtek zein Gustavak aukera aprobetxatu nahi zuten. Adolphus ostalaria ezagutu bezain pronto aztiak lana lortuko du eta bere izerdiaren truke ohe goxo bat izango dute biek. Denborarekin apaizik gabeko eliza garbitzen duen Gladis andrea edota goblin ehiztaria den Lutxo ertaina ezagutuko dituzte eta pixkana pixkana herriaren funtzionamendua ulertzen hasiko dira.

Arnhoff nekazarien arteko demokrazia antzeko bat da. Familia buru bakoitzak botoa du eta orokorrean hiru pertsona esanguratsuen inguruan bildu dira. Hera Mandras emakume zuzena eta broma gutxikoa, Magnus Dalamar handikotea, indartsua eta pazientzia gutxikoa eta azkenik, Payen Schôl, gizon isila eta zuhurra. Batzarretan elkartzen dira gauero herriko erabakiak hartzeko eta soilik botoen gehiengoa lortzean adostuko dira neurriak. Gure lagunak laister konturatuko dira metodo honen ondorioz herriak dituen arazoetaz.

Indartsuen Legea


Lehenengo gau hauetan Gustava ostatuko arduradun bezala arituko da, nekazari nekatuei pitxarrak betez, herriko esamesak entzunez. Kurt ere gertu ibiliko da, lur basatietan garatutako mesfidantza desagertzea zaila da eta. 

Hauetako gau batean tabernak bezero berri batzuen etorreraren testigu izango da. Lau gizon, oldakorrak eta harroputzak. Edaria ordaindu gabe bapo edango dutenak eta nekazariei mehatxuak botako dituztenak inongo ondoriorik gabe. 

Nahi dutena egin dezakete. Gauero etortzen dira herria eta inorrek ezin du ezer egin beraien aurka. Iraganean argi utzi zuten azken hori. Gainera, Batzarrean ez gara ados jartzen alproja hauei aurre egiteko...-esango dio Adolphusek Gustavari. 

Baina zeintzuk dira gizon hauek? Zer nahi dute?



1 iruzkin: