Igarobidea, Loth Bailara ( Neguko 50.eguna )
Carlos estaliar ezpatalaria
Dwalin, zuzentasunaren bila dagoen nanoa
Sabino Dante, ordainsari-bilatzailea
Giun, nano gerlaria
Emma Malatesta, arrantzale eta tiratzailea
Tag-Raz, sigmarreko lekaide ogroa
Behin abenturazaleak behar duten informazio guztia bildu dutenean, Catherinek lekameen batzarrera deituko diete. Bertan azaldu dute ikusitakoa eta biltzarrak erabakiko du nola egingo dion aurre mehatxuari. Eugene, Saavra eta Catherinek iritzi ezberdinak dituzte eta kasu batzuetan kontrajarriak. Azken finean, Auheneko Alabek indar mugatuak dituzte eta esklabistek hiru ezkutaleku (Povla, Kastro Zaharra eta Gz’hullen dorrea) eta nukleo gotortua dute (Etxabe).
Indarrak banatu denak batera erasotzeko? Banan bana bata bestearen atzetik konkistatu? Sorpresa efektua lortu edo esklabistek indartzeko behar duten denbora oparitu? Laguntza eskatu edo beraien kabuz gerrara joan?
Konpainia Askeak badu esperientzia honelako gauzetan eta pixkanaka lortuko dute biltzarraren iritzia begeranatzea. Gremioek, askatuko duten soro eta esklabuen hurrengo uzten erosketa prezioa bermatu nahi dute. Ordenak ordea, Aguileraren zerga-sisteman sartu, etorkizuneko nekazariak Aguilerak de facto-ko hiritarrak bihurtuz. Honen truke, lekaideek mertzenario profesionalak eta akolito talde bat lortuko dute laguntza bezala.
Indar hauekin, Konpainia esklabisten aurkako gerrara doaz, bigarrena 20 egunetan.
Sugearen Mila Ziztadak
Askatzaileen armada hiru zatitan banatuko da. Talde batek Ambarren kontrolpean dagoen Kastro Zaharra erasotuko du. Bigarrena, hegoaldera joango da, Abigailek agintzen zuen dorrea suntsitzeko. Hirugarren taldea, handiena, Etxabera bideratuko da. Azken talde honetan aurkitzen dira gure heroiak. Etxaben, esklabisteei saldu ziren lurjabeen jauregiak daude, baita, Don Malfiren morroi leialena, Idris izena duena. Han espero da erresistentzia handiena baina baita esklabu kopuru altuena. Dudarik gabe, erasoaren borroka nagusiena hor emango da.
Kastro Zaharran eta Gz’hullen dorrean Abigailek eta Ambarrek bizitza emango dute beraien jaunarengatik. Kateak hautsi egingo dira eta ehundaka esklabu askatuko dituzte. Etxaben, gremioak ordaindutako mertzenario astunek borroka desorekatuko dute erabat eta esklabisten gaizkile eta harroputzek gauza gutxi egiteko gai izango dira. Konpainia Askeak jauregietara abiatuko da, Idris bizirik harrapatzeko asmoarekin.
Azken Hotzikara
Idris, Hildegard familiaren jauregia bereganatu zuen bere bizitoki bezala eta han, bere guardia pertsonala gainditu ostean arabiarraren logelara iritsiko dira. Leihoa irekita dago, badirudi orain dela oso gutxi ihes egin duela. Gelan, Emma, Tag-Raz, Carlos eta Dwalin daude. Beheran, sarrerako atarian Giun eta Sabino gelditu dira. Tag-Razek ez du bi aldiz pentsatu eta bere atzetik joan da leihoari lotuta dagoen soka bat erabiliz. Emmak ogroari jarraituko dio. Bitartean, Carlos eta Dwalin gela miatzen hasiko dira…zoritxarrez.
Ezkutatuta, Idrisek bere babesarako zituen bi hiltzaile daude. Bertan utzita denbora irabazteko. Hiltzaileak ofizioa ezagutzen dute, eskarmentatuak dira eta beraien pozoi zitalekin logelan dagoen bikotearen aurka oldartuko dira. Hiltzaileen labankadak argia bezain azkarrak dira eta kolpe bakoitza Carlos eta Dwalinen gorputz atal kritikoenetara zuzenduta daude. Estaliarra, duelotan trebatua dago baina ez du inongo aukerarik horrelako etsaien aurka eta heriotza gertu ikusiko du, bi aldiz. Azkenean Dwalinen eta beste kideen laguntzarekin hiltzaileak neutralizatu eta Idris harrapatuko dute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina