Ilgora anbientaziorako beste kultura berri bat. Kasu honetan, Warhammerreko basoko elfoetan eta Witcherreko scoia'teletan oinarrituta:
Odol Elfoak (Basatiak)
Aspaldi arraza harro eta boteretsua izan zena erbestea eta guden ondoren iraganeko itzal bihurritu batean bilakatu dira. Suntsituak eta banatuak Errunen Gudaren ostean, biziraun zuten gutxiak Aendorreko leku isolatuetan ezkutatu ziren.
Elfo hauen arbasoek errunen maisutasuna bereganatu zuten, baina anbizio mugagabe baten ondorioz, beste kultura asko ez bezala, arimarik gabeko materia zizelkatu ordez, bizidunen haragian idazten zituzten sinbolo arkanoak. Teknika honekin, tatuatuak indar eta ezaugarri ikaragarriak lortzen zituzten eta honen bitartez munduak ikusi duen inperio ahaltsuenetakoa eraiki zuten; Skîr Inperioa.
Jarduera honen sustengarritasuna bermatzeko esklabutzaren beharra zegoen eta ohitura nazkagarri hau gaur egun arte iraun die. Beraien kultura, izaera eta gordetzen duten gorrotoek aroz aro jarraitu dien ospe txarra eman zien.
Odol Elfoen Gizartea
Kontuan izan behar da, Skîroten artean banaketa sakon bat eman zela. Skîren hondamendiaren ondoren, itsasoan aurkitzen ziren barkuko marinelek gaur egun Indraugnil bezala ezagutzen den erresuma sortu zuten. Elfo hauek gizarte zabal eta modernoa egituratu dute, iraganeko ohiturak ahantzi gabe. Hemen deskribatzen diren odol elfoak, jentilen umiliazioa pairatu zutenak dira. Baso, mendi eta lugorrietan ezkutatu ziren, dravda eta esklabu ohien pogromoak saihesteko. Leku ahaztu hauetan, Skîren bezala, emakumeen inguruan eraiki ziren klanak. Emakumeek gorde zuten errunen ezagutza eta beraiek dira gaur eguneko agintari eta bozeramaileak.
Odol elfoek familiez osatutako klanetan bizi dira. Lotura estuak sortzen dituzte komunitate txiki hauetan eta ahal den neurrian autosufizientzia bilatzen dute. Klan bakoitzak bere lurraldeen jabe dira, eta klan bakoitzak bere ordezkaria du. Klan bakoitzeko ordezkariek lur eremu zabalago bateko errege edo erruna maisu bat hautatzen dute eta ofizialki odol elfo guztiak bere menpean daude. Errege hau klanen koordinazioaz arduratzen da baina bere botere erreala oso txikia da.
Loth Bailarako Odol Elfoak
Odol elfoak hiru aro oso pasa dituzte bailara honetan. Uakariekin batera atzerritik etorritako lehenak izan ziren eta hiri eta monumentu izugarriak eraiki zituzten lehenengo aroan. Baina jentilen aurkako porrotak esklabutza eta miseria ekarri zien. Soilik ihes egitea lortu zutenak biziraun zuten.
Talde txikietan, mendietara, kobazulotara eta baso sakonetara heldu ziren. Zoritxarrez, mendeen poderioz, talde txiki hauetako asko desagertu egingo dira; gudak, gaixotasunak edo pobrezia jota. Ninive basoan bildu ziren klanak dira biziraun eta suspertzea lortu duen bakarrak.
Baso honetan barreiatuak, mehatxua eta beldurra erabili dute beraien isolamendua mantentzeko eta bailara osoan zehar Ninive basoak leku madarikatuaren ospea lortu zuen. Bere mugak zeharkatzeak heriotza zekarren.
Baina garaiak aldatu dira eta bailararekin batera, odol elfoak ere egoera berrira moldatzen ari dira. Emigrazio olatuek jende andana ekarri du Lothera, herri berriak sortuz eta aberastasuna ekarriz. Honek, bailara zeharkatzen duen Yetzin ibaia berpiztu du bide komertzial bezala eta odol elfoak leku estrategiko batean aurkitu dira bat-batean. Ibaiak punta batetik bestera zeharkatzen du basoa eta elfo askok merkatariza aukera aprobetxatu nahi dute; Klan batzuk merkatal-postuak ireki dituzte ibai ertzean eta aspaldian ikusi ez duten dirua irabazten hasi dira. Honek gizartearen ohitura zaharren aurka dijoa eta beste klan askok ustelkeriaren erroak ikusten dituzte jarduera hauetan.
Baldintzak
Elfoak bakarrik onartzen dira.
Gaitasunak
Oinarrizko Gaitasunak: Atletismo, Saihestu, Ezkutatu, Hautamena, Herri Jakituria (Ninive), Borondatea eta Isiltasuna.
Gaitasun Profesionalak: Akrobaziak, Orientazioa, Biziraun eta Arrastoak Jarraitu.
Ama Hizkuntza (skîrota) +%40
Jatorriak
- Magiko: Ihesaldi horren buruak antzinako erruna maisuak izan ziren eta ordutik odol elfoen agintaritza mantendu dute. Beraien ezagutza gorde eta pasa egin da belaunaldiz belaunaldi.
- Militar: Klanak talde oldarkor eta lurraldekoiak dira. Kide guztiak mugak babesteko obligazioa dute eta txikitatik ikasten dute gerlariaren lanbidea.
- Noble: Odol elfoek aspaldiko noblezia zahar bat dute, antzinako leinuetan oinarritzen dana.
- Bidaiari: Ez dira gutxi klanik gabe gelditu diren elfoak edota gizarte zurrun honetatik ihes egiten dutenak.
- Merkatari: Orain arte odol elfoak biziraupen ekonomia zuten, baina Yetzineko merkatal postuak klanen bizitzeko modua irauli du.
Borroka Estilo Kulturalak
Guda Dantzaria (Ezpata, Ezpata motza, Aizkora, Jaurtitzeko Aizkora) Hil ala Bizi edo Geldiketa Gurutzatua. Guda Dantzarien kultuko kide izan behar da.
Baso Zaindaria (Arku elfikoa, Dardoak, Xabalina eta Ehiza-labana) Xaxatzailea edo Tiratzailearen Punteria
Buru-ehiztari Skirota (Ehiza Lantza, Sarea, Arku Elfikoa, Erredola) Zaldun Xaxatzailea edo Giza-harrapakaria.
Pasio Kulturalak
- Klanari leialtasuna edo Familiai leialtasuna,
- Odol mendekua edo umiliazio baten mendekua.
- Izena irabaztea edo atzerritarrekiko gorrotoa.
Tradizio Magikoak
Odol elfoen artean jainkoen ordezkari eta agintarien papera pertsona berdinak egiten du; Erruna maisuak. Hasiera batean panteoi eleshita gurtzen zuten baina herri honen historiak bere sinesmenak ere aldatu ditu. Nahiz eta Ith-Anar, Seleune edo Emrilen kultuak nahiko zabalduta egon, odol elfoek bizi izan dituzten mugako egoerek Kaoseko deabru eta jainkoetara hurbiltzea bultzatu diete. Apaiz edo lekaide gutxi daude eta normalean etxean praktikatzen den fedea izaten da.
Bestalde, nahiz eta aztikeriarentzat gaitasuna izan, skiroten artean erruna maisu oso boteretsuak daude aspalditik. Klanen agintaritza kasta osatzen dute eta beraz estatus maila altua dute beraien bizilagunen artean. Odol elfoen erruna maisuak haragia lantzen dute eta munduan Koldun edo Bibisektore bezala ezagutzen dira. Magialari hauen ezagutzak errezeloz gorde dira eta soilik potentziala eta leialtasun itsua duten ikasleei irakasten dizkiote haragiaren sekretuak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina